Requiem ezker hilotz batengatik

Partidu sozialista, hamarkada hau baino lehenagotik hona, krisi existentzial batez zulatua dago. 1990 ondorenetik, Laurent Fabiusek atzera bueltarik gabe aitortzen zuen: “Ziurrenik demokratikoa bada ere, gaur egungo sozialismoa zertan da oraindik sozialista?” Lau urte geroago, Lionel Jospinek, orduan idazkari nagusia, onartzen zuen bere aldetik: “Erreformak garaitu dio iraultzari, bainan badirudi erreformazaleek ez dutela erreforman sinisten”. Hain gutxi sinisten zuen berak erreforman, Maastrich-eko tratatuaren eta bategitearen erizpideen hertsgarri europearra onartu zuela Lehen ministro izendatua izan zenean, eta Michelingo lan-kanporatze edo Vilvoordeko fabrikaren itxiduraren aurrean bere ezintasuna aldarrikatu zuen, erreforma fiskalari uko egin zion, adore guztiz pribatizatzeari ekin zion eta iradokizun pozointsuen segida ontzat eman zuen…, 2002ko hauteskundeetan erabateko porrotera iritsi arte. Hitz batez, erreformaren ordez kontra-erreforma aukeratu zuen.

Partidu sozialistaren Printzipioen aldarrikapen berria, apirilaren 21ean argitara emana, nortasun-zalantza iraunkor horri erantzuteko asmotan egina dago. Batzar baten zalaparta eta jokutatik aparte, dokumentu horretan sozialisten “azken helburu nagusienak” eta “XXI menderako helburuak” azaldu nahi dira. Esan daitekeen gutxiena da, nahiko lana eman duen estilo-ariketa honek arin xamar uzten duela bazterrean inbentarioa egiteko obligazioa, eta ez dela nabarmengarria ez hats lirikoagatik, eta ezta ere etorkizunaren ikusmira goranahikoagatik. Hala ere esaten da (8. artikulua) “azken mendean sozialismoaren ekarpen propioa izan dena, hau da, behar indibidual anitzak asebetetzeko erantzun kolektiboak ahalbidetzen duen Estatu soziala berreguneratzea” nahi dela.

Haatik, hamabost urtez, 1981tik 2002ra, gobernuan egonik, Partidu sozialista “Estatu sozial” hori metodikoki desegiten aritu da. Are, lehena izan zen Europan, 1984 ezkeroztik (Fabius Lehen ministroa eta Bérégovoy Finantza ministroa zirelarik), kapitalen mogimendu-askatasunaren alde sakon jokatzen. Gaur egun, aldiz, horren desmasia espekulatiboak neurtzen hasi gara. Jospin-en garaian, Partidu sozialistak pribatizazioei dagokionez errekorrak gainditu ditu eta Bartzelonako Goi-bileran egonkortasun Ituna, eraikuntza liberal europearra, sinatu zuen. Zigorra jasan behar izan du: 1983tik 2002ra, gobernu sozialistaren urte beretsuetan, Front Nacional-a %3 izatetik %17 izatera pasatu bait da, soldatapekoen %33tik gertu 1 000 euro baino gutxiagoko sarrera zituzten bitartean. “Galera larri” hau, ohartarazten du lan ikuskaria eta militante sozialista den Gérard Filochek, “hogei urte baino pixko bat gehiagoan” eman da, eta urte horietako hamabostetan gobernua ezkerrekoa izan da.

7. artikuluak, sozialistek, “merkatukoa ez den sektoreari bere leku osoa emanez” “kapitalismoaren kontraesanak gainditzen dituen gizarte berri bat” eraiki nahi dutela aldarrikatzen du. Auzia ez da bada kapitalismoa gainditzea, bere kontraesanak konpontzea soilik baizik, merkatukoa ez den sektore bat ezarriz. Bainan, zerbitzu publikoak eraitsiz, hain zuzen, merkatukoa ez den sektorea, auntz-larrua balitz bezala, murrizten saiatu dira gobernutik. Artikulu berak “enpleguaren kalitatea” promesten du, “lan-ordain sari egokiarekin”. Ezingo da aurrerantzean jakin zein ideia duten sozialistek justizia salarialari buruz; izan ere, beren hautagaiak, kanpainarako programan SMIC-erako 1 500 € (gordinik!) ezarri ondoren, hauteskunde ondorengo egunean onartzen zuen bere irudirako erreibindikazio hori gehiegizkoa eta irrealista zela. Abagadune horretan ez du zehaztu Munduko Nazioarteko Funtsaren buru den Dominique Strauss-Kahn “sozialista”-ren neurriz gaineko soldata “ordain-sari justua” denentz. Ezingo da jakin merkatukoa ez den sektoreari eman nahi zaion “leku guztia” horrek, zerbitzu publikoen berreraikuntza (urarena, telekomunikazioena, energiarena), lurraren munizipalizazioa, edota areago Banku zentralen gaineko kontrol politikoaren itzulera igartzen duen ala ez. 6 artikuluak ondo dio “funtsezko eskubideei dagozkien zenbait eremutan ezin zaiola merkatuari hegoak eman”, bainan “funtsezko eskubideak” bezain zehatzagabeak dira zein diren eremu horiek. Etxebizitza izateko “eskubide kontrajarrigarria” (noren eta zeren kontrajarrigarria, ez bada ondasun-funtsen eta etxe-jabeen eskubidearekiko kontrajarrigarria) heda al daiteke lana egiteko, osasunerako, hezkuntzarako eskubide kontrajarrigarrietara? Eta, esan dezagun argi eta garbi, existentziarako eskubidea ba al da kontrajarrigarria propietate-eskubidearen aurrean, 1793ko Konstituzio iraultzaileak aldarrikatzen zuen bezala?

10. artikuluak ezartzen du “Frantziak bere lurraldean bizi diren guztiak errespetatu behar dituela bazterketa guztien aurka borrokatuz”. Ba zen ordua! Asmo hori sinisgarritasun handiagokoa litzateke baldin eta, horretarako posibilitateak egon zirenean, orduan gobernuan zegoen Partidu sozialistak erregularizatu izan balu 1998an eskaera hori egiten zituzten paperik-gabeak; eta horien artean, hain zuzen, gaur egun greban diren sukaldaritzako langileak, azken hamar urteetan (hain zuzen 1998 ondoren) gizarte segurantzan kotizatu eta beren zergak ordaindu ondoren, ezker anitzaren kapitulazioak direla medio bizitza klandestino prekariora kondenatuak dauden grebalarik horiek. Eta asmo hori are argiago izango litzateke baldin eta zehaztuko balitz “bazterketa guztien” aurkako borrokak ibiltzeko eta helbideratzeko eskubidea lortzera, eskubide sozialen berdintasuna eta langile etorkinen boto-eskubidea bermatzera jo behar duela. Dudarik ez, azaroko batzarrean onarturiko programa sozialistak zalantza horiek sorraraziko ditu.

20. artikuluak, gizon-emakumeen arteko parekidetasuna ezartzen du printzipio gisa. Aldarrikapen-aren idazleek mogimendu feminista eta bere erreibindikazioak aipatzeaz ahaztu zirenez, Komite nazionalak, emakumeen eskubideen aldeko idazkaritza nazionalaren proposamenaz, artikulu hori erantsi behar izan du martxoaren 22an eta hondamen-arriskupean, post-scriptum bat zehaztu behar izan du esanez partidua “feminista dela eta emakumeen emantzipazioaren alde jarduten duela”, eta “sexuarekin edo sexu-aukerekin loturiko duintasunaren aurkako erasoak borrokatzen dituela”. Esan daitekeen gutxiena, noski.

29. artikuluak esaten du “partidu sozialistak partidu barruko eta hauteskunde mailako erantzunkizunen dibertsifikazioa mailan guztietan zaintzen duela”. Ah! zein hizkera lainotsuz esaten diren gauza hauek! Aipaturiko dibertsifikazioak, adibidez, zer esna nahi du? Hautesiak aukeratzeko era guztietan eta maila guztietan proportzionalitatea ezarri behar omen dela? Eta horrela bada, zergatik ez du horixe bera egin Partidu sozialistak gehiengo parlamentario zabal bat izan duenean? Eta zergatik sendotu du, aitzitik, bosturteko agintaldia ezarri eta hauteskunde kalendera aldatu nahi zuen ekimena bultzatzeko ardura hartuz, V Errepublikaren instituzioen logika presidentzialista eta bipartidista?

17. artikuluak solemneki esaten du Partidu sozialista “partidu europearra dela, Europako Batasunean jarduten duela, ez duela Batasun hori gura izan soilik, neurri batean berak asmatua eta eratua izan dela baizik”. Bestela esanda, 1986tik hona benetan existitzen duen Merkatu bakarraren Batasun liberalaren, 1997ko Amsterdameko tratatuaren, egonkortasun Paktuaren, 2005eko erreferemdumean errefusatu izan zen Europako Tratatu Konstituzioegilearen muina berrartzen duen eta Sarkozik nahi bezala Versaillesko Kongresuan diputatu sozialisten abstentzio “ausarta”ren bidez, erreferemdumik gabe, bide parlamentario hutsez onarturiko Lisboako akordio berriaren partidu adeitsua dela.

Hitz asko, bada, gauza gutxirako, haizputzezko hizkera hizkera zurrunaren gabezian? Printzipioen aldarrikapena – k gehiago esan edo adierazten du, egia esan, ixiltzen edo bazterrean uzten duenarekin agertzen duenarekin baino. Erreibindikatzen duen sozialismo demokratikoak “idealera jo nahi du” eta “erreala ulertu”. Bainan ez du ezer esaten ulertu behar den erreal horretaz, eta are gutxiago eskura nahi den ideal horretaz, ez bada “sozialista izatea ez da mundua den bezelakoarekin asebete egotea” (lehen artikulua). Ikusita zer den eta nola dabilen mundua, berriro ere esan daitekeen gutxienekoa. Helburua litzateke, bada, “giza-pertsonaren emantzipazio osoa eta planetaren zaintza”. Planera zaintzea, beraren menpe bait dago geure espezie umilaren biziraupena, hobeago dela eta emantzipazio osoa ez-osoa baino hobeago dela adierazteko ez zen printzipioen aldarrikapen berri bat behar. Helburu horretara iristeko behar diren bitartekoei dagokionez zer beharko litzateke? “Botere publikoak arauturiko merkatuzko ekonomia sozial eta ekonomikoa”, “sektore pribatu dinamikoa, kalitatezko zerbitzu publikoak eta ekonomia sozialeko hirugarren sektorea” (6. artikulua). Konbinazio armoniatsu honen dosiak zeintzuk izango diren? Eta nork, grina konkurrentzial pribatuak edota interes publikoak, ezarriko duen azkenian bere legea? Ezingo da honetaz ezer jakin. Gusto guztietarako badagoenez, eta ostatu espainiar honetan bakoitzak bere pagotxa aurki dezakeenez, gogaituak edo zalantzatiak gelditzen badira, Henri Weberrek, testuaren koegileak, mehatxatzen du: “Kalachnikov-a aterako dugu!” Horri deitzen zaio elkarrizketarako sena izatea.

Horrelako Aldarrikapen hutsalaren erabilgarritasuna aurkitzeko, aldarrikapenak ixiltzen duen eta ezabatzen duen horretara jo beharra dago, bere orokortasun agerikoetara baino. “Iraultzaile” hitza, 1990eko aurreko printzipioen aldarrikapenean oraindik agertzen zena, desagertu da. Hain inkongruente zen, ahazturik zegoela. Ez da bada berri nabarmen bat. Ezabatze horrek, aspaldi egindako pausuaren kontua ematen du, eta hiztegia praktikaren diapasonean jarri da. 1969ko Aldarrikapenean erabilitako formula, “sozialismoak ontasun komuna eta ez interes pribatua hartzen du helburutzat” alegia, ezabatzen da ere. Egia da balentria hori, une sugartsu edo galbidezko batean egin zela, 1968ko greba orokorraren urte bete ondoren. Azkenik eta batez ere, “herri frantzesaren interes orokorra”-ren baitan urtua, klase borrokarekiko edozein aipamen kendu da (19 artikulua). Horrela 1905eko aldarrikapen historikoa, Jaurès-ena, Partidu sozialistaren definizioa – “klase partidua, produkzio eta trukerako bitartekoen sozializazioa helburutzat duena”–, deuseztatua gelditu da. Horri esaten zaio jaiotza agiria berbaieztatzea. Partidu sozialistak, ezindua jadanik, ez du inoiz berriro Parisko Komunaren heredentzia bere egingo, eta nahikoa izango zaio “haren subenirra erreibindikatzearekin”. Haizeak eramango bait du….

Klaseen eta beren borrokaren desagerpen horren ikusgarria bi eratara baizik ezingo litzateke azaldu. Edo klase sozialak benetan desagertuak zeudelako klaseen arteko kidetasunaren eta modu onez egindako dibortzio sozialaren onuran (elkarrekiko adostasunean), bainan holakorik ez dute baieztatzen Medef-en ekintzaletasun patronalak, ez da patronalaren kutxa beltzak, ezta gizarte segurantzaren eta lan-araudiaren aurkako gobernuko erasoek. Klase borrokaren egunerokotasuna Laurence Parisot, Gautier-Sauvagnac, Christine Lagarde dira. Edo Partido sozialistak, garbi eta xalo, horri uko egin diolako, Manuel Valls-en desioen arabera “ezker modernoa” eta “berdin (berdin zerekiko) enpresen partidua” bihurtzeko. (sic!) Eta hau da, dena den, hipotesi txalogarriena.

Bernard-Henry Lèvy da eskuak gustora igurtzen ari dena, berak exijitzen bait zion Partidu sozialistari “benetako Bad Godesberg bat, Bad Godesberg bat lotsarik gabea, ez ixila, hitz zuzenak ahoskatuz eta sinbolikoaren gaina gaindituz”. Egia da, hitzak ez dira oraindik guztiz egoki eta zuzenak, ukazioa oraindik zerbait eufemikoa da, lotsaz ukitua ez bada, baina “sinbolikoaren gaina” behintzat gainditua dago, eta abentura berrietarako bidea garbitua dago. Zeren, zein da, funtsean, printziorik gabeko eta kontsetsu izugarria bildu duen Printzipioen Aldarrikapen honen funtzioa, handinahikeriaz eta kontrakotasun pertsonalez pitzaturiko Partidu batentzat? Sinpleki esanez, arau europearretara egokitzea, Tony Blair-en New Labour-arekin, Gerhardt Schröder Zentru Berriarekin edo Walter Veltroniren Partidu demokratikoarekin lerrokatzea. Bestela esanda sozialdemokrazia frantzesa zaharraren mudatzeren akaberea, bere partidu anaien alboan, borroka eta erresistentzia kulturaren heredentziak, besteak beste, 1968koaren eraginez frenatua izan zelako, bere bilakaeraren prozesuan zerbait atzeratua bait zegoen.

PS-k pentsatzen du, dudarik gabe, horrela Tony Blair-en erako arrakastarako bidea irekitzen ari dela. Egi-egitan, Veltroniren moduko hondamendia das prestatzen ari dena. Italian, Romano Prodiren makulu-peko politika liberalak, urte pare batetan, Berlusconiren eta Iparraldeko Ligaren garaipena erakarri du. Are argigarriagoa agian, horren ondoan “ortzadarra” koalizioaren hondorapena gertatu da (eta koalizioan Frantzian berdinkide izan zitezkeen PCF, Berdeak, ezker sozialista eta antiliberalak biltzen dira), %11tik %3ra jetxiz bototan. Horrek argi frogatzen du alor horren batasunak, zabala izanik ere, ezin duela ezer egin bipartidismorantzarako martxarekin, batasun hori nahaste politikoaren gain eraikia bada: koalizio guzti hori Prodiren gobernuaren partaide zen.

Frantziako ezkerrarentzat ez dago ezer premia handiagoa duenik, porrot politiko honen kausak aztertzea baino. Lehen ebidentzia batekin: Printzipioen aldarrikapenak marrazten duen egitasmoarekiko menpeko edozein aliantza parlamentarioak edo gobernu mailakoak, Prodiren gobernuan partehartzeak eta bere politika sozial eta internazionalari emandako babesak Italian izan dituen ondorio zital berberak izango luke ezker erradikal eta antikapitalista batentzat. PS-rekiko independentzia estrategikoa hitz giltzarria da, ez bazaio kapitalismoari arrakasta errepikatuak bermatu nahi. Bihurrikatze elektoralistetatik urrun, horrek eramango bait luke urte bakoitietan (2009 hauteskunde europearretarako, adibidez) herabeki PStik banantzera eta urte bikoitietan (2008 udal mailako hauteskundeak eta 2010eko erregioetakoetan) bere agindua onartzera. Guzti honek indartu baizik ez du egiten partidu berri baten beharra, sistema kapitalista geroz eta basatiagoari benetako alternatiba baten eramailea, eta igarri den sozial-liberalismoarekiko independientea. Entzuten da, han eta hemen, esaten LCR-k mahai gainean jarri duen egitasmo hori azkarregi datorrela. PS-ren bilakaera ikusita, udal hauteskundeetan baieztatu den bere aliatu tradizionalekiko hegemonia sendotuagoa ikusita, bestalde esperientzia italiarra ikusita, esan daiteke alderantziz, konbentzimendu handiz, oso azkar beranduegi izango dela.

Alderdi sozialista frantziarraren printzipioen Aldarrikapenari buruz egindako idazlana.

Le Monde 2008ko ekainaren 1ean.
Berriro argitaratua Penser Agir liburuan, Lignes, 2008.

Documents joints

Partager cet article